Nafarroako Gobernuak abuztuan aditzera emandako murrizketa neurriek eragin handia izanen dutela salatu du Balleko Etxeak. Sektore guztietan izanen dira mozketak, baina diotenez, hau ez da izanen 2013ko aurrekontu eta proiektuak ezartzerakoan udalak izanen duen oztopo bakarra. Udalaren erranetan, UPN udalak gehiengoz hartzen dituen erabakiak helegiteen bidez gelditzen saiatzen ari delako.
Sektore batzuetan murrizketa handiak jasan eta bertzeetan laguntzak guztiz desagertu dira. Euskara Zerbitzua duten udalek jasotzen zuten diru-laguntza % 85 jaitsi da 10 urtean. Kontuan hartuz Euskara Zerbitzu gehiago sortu direla handia izan da beherakada. Euskaraz ari diren komunikabideen kasuan %100 murriztu da, aurten ez baitute dirurik eman.
ESKOLEN MANTENIMENDUA
Nafarroako Gobernuak eskolen mantenimendurako laguntzak murriztu ditu, baita eskoletako obrak egiteko ere. Horrela, Azpilkuetako eta Arizkuneko eskoletako teilatuendako ez diete hitzartutako %65eko dirulaguntza eman. Ondorioz egoera makurrenean zein zegoen kontuan hartuta Azpilkuetakoa bakarrik egin ahal izan dute eta kostua Udalak osoki bere gain hartu du.
Enplegu Babestuko proiektuan %50eko murrizketa izan da. Horren ondorioz, 8 langile kontratatu beharrean 4 kontratatu dituzte. Eta gizarte laguntza batzuk ere desagertu egin dira. Ezintasuna dutenendako laguntza teknikoa lortzeko, haurra sortzen deneko eta 3. haurra izateagatik zeuden laguntzak dagoeneko ez dituzte ematen. Horretaz gain, etorkinen integraziorako Udalak planteatu zituen hainbat ekintza ezin izan dira egin, laguntzak desagertu zirelako.
Azienda lehiaketen dirulaguntzak osorik desagertu dira eta aurtengo nekazaritza azpiegituretako dirulaguntzaren deialdia ez da atera. Pistak konpondu, bazkalekuak mantendu, itxierak egin, hiltegia eta horrelako gauzetako erabiltzen zen dirua ez dute jaso. Lau urteko planari dagokionez, hainbat bilera eta salaketa egin ondotik, Nafarroako Gobernua Iruritako uren goi-hornidurako proiekturako dirulaguntza bideratzea lortu dutela erran du udalak, 250.000 euro inguru jasoz. Balleko Etxeak, lan hori egiteko urte hasieratik berari dagokion diruaren zatia prest duela aipatu dute. Hala ere, Nafarroako Gobernuak bideendako eta Amaiurko ur depositoarendako dirua Gobernuak oraindik ez du eman.
Eguneroko funtzionamenduan ere oztopo ugari dituztela salatu dute. 2011ko ekainetik 9 helegite paratu ditu UPNk gai desberdinen inguruan. Horietatik bietan bakarrik eman zaio arrazoia eta bertze batean erdizka. Bi oraindik erabaki gabe daude eta bertze lauetan udalari eman diote arrazoia. Helegite hauekin, udaleko bulegoetako lana oztopatu eta herritarrei ematen zaien zerbitzu eta erantzunetan atzerapenak haundiagotzea eragiten dutela dio udalak.