Hamahirugarren kirikoketa besta eginen da urriaren 20an Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 17a

Iazko Kirikoketa bestan, jendea adi-adi egon zen sagarra nola jotzen zen ikusten.

Sagardoa egiteaz gain, bazkaria eta kontzertuak ere izanen dira larunbatean

Jo ala Jo Kultur taldeak sagarra jotzearen, sagardo egitearen eta kirikoketaren aitzakian egun osoko egitaraua antolatu du. Eguna hasteko ibilaldia eginen dute Gamioxarreako Dolaetxera eta 11:00etan emanen zaio irekiera. Segidan sagardoa egiteko prozesu guztia ikusteko aukera izanen da. 120 lagun ingururendako bazkaria antolatu dute gero eta arratsalde eta iluntze partean musika eta dantzarako tartea izanen da.

Jo ala Jo taldeak antolatzen duen Kirikoketa bestak hamahirugarren edizioa beteko du urriaren 20a Arizkunen. Sagardoa egin ostean, jotzen zen musika tresnaren izena darama bestak, baina egitaraua ez da horretara mugatzen. Sagardoa egiteko prozesu osoa ikusi, musika eta jan-edanerako aukera izanen da Arizkunen.

10:45ean ibilaldia eginen da Arizkungo herritik barna Gamioxarreako Dolaretxera, musikariekin, sagar joleekin, asto eta sagarrekin, erraldoi eta dantzariekin. 11:00etan ate irekitzea izanen da. Segidan, sagar jotzea, estutzea,zuku dastaketa eta kupelaratzea eginen dira. Lanak akitutakoan, Kirikoketa Jotzea eginen da. Bitartean: Nafarroako Sagardoen dastaketa, taloak, artisauak, gaztainak, musika, azalpenak eta bertze izanen dituzte Gamioxarrea inguruan. 14:30ean bazkari Herrikoia antolatu dute 120 lagunendako. Txartelak ohiko lekuetan daude salgai (Intza, Ilargi eta Zubipunta ostatuetan). Egunean bertan ere erosteko aukera egonen da. Bazkalondoan,18:30 aldera herritik barna berriro ere Gamiorantz joanen dira kantu, dantza eta soinuekin. Gamioko kupelategian 19:00ak aldera bigarren estutzea eginen baita Pottoka musika taldeak kontzertua eskaintzen duen bitartean. Aurtengo Kirikoketa Eguna behar den bezala akitzeko, 21:00etan Trikidantz taldearen kontzertua izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun