Imbuluzketa anaiek egindako ikerketetan oinarritzen da ibilbidea. Ezpileak, garai batean gaztainak gordetzen ziren tokiak, dira bideko ondare garrantzitsuenak. Gaztainen bidean, denera lau daude ikusgai.
Ibilbidea Etxaideko errotan Elizondon, Beartzungo bidean hasten da. 3.500 metroko luzera du eta 130 metroko desnibela, horregatik, familia guztiak egiteko moduko bide erraza dela diote. Imbuluzketa anaiek duela urte batzuk egindako ikerketen emaitzetan oinarritzen da ibilbidea. Ingurune honetako ekonomian eta elikaduran gaztainek zuten garrantzia agerian geratu zen ikerketa horiekin. Ibilbidea egiten duenak, lau ezpile ikusi ditzake. Ezpileak gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren tokiak ziren. Gaztainak barruan sartzen ziren bere kakoxekin eta azkenik hermetikoki estaltzen ziren barruko gaztainak ez usteltzeko. Larunbateko bisitaldia Pello Iriarte historialariaren gidaritzapean egin zuten eta aitzinera bisitaldi gehiago egiteko asmoa ere badute. Bidean oraindik seinaleak jarri ez dituzten arren etorkizunean jartzeko asmoa dute, bisitari eta bertakoek ezagutzeko ibilbide aproposa dela uste dutelako.