Giltxaurdi kirol instalazioetako prezioek BEZaren igoera izanen dute

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 15a

Aurten berrikuntza modura, abonuak bi alditan zatiturik ordaintzen ahal dira

Aitzineko urteko tarifei ez zaie KPIaren %2,60ko igoera ezarriko, baina BEZaren igoera izanen dute. Orain arte zerbitzuengatik %8ko BEZa ordaintzen bazen, ikasturte honetan %21a ordainduko da.

Giltxaudi kirol instalazioetako erabiltzaileek nabarituko dute tarifen igoera. PPren erabakiaren ondotik, %21eko BEZa ordaindu beharko dute kirol instalazioetako zerbitzuengatik. Baztango Udalak Kontsumoko Prezioen Indizearen gorakada ez du ezarri, baina adierazi dutenez, ez dute BEZaren igoera bere gain hartzerik izan. Horren ondorioz, erabiltzaileek BEZaren igoera abonu aukera eta ekintza desberdinetan nabarituko dute. Udaletik diotenez, beraien lehentasunetako bat, tarifen progresibitatearen alde egitea izanen da, hau da, Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga kontuan hartuta egoera ekonomiko estuagoa duenak guttiago ordaintzea eta egoera hobeagoa duenak gehiago ordaintzea.. Nolanahi ere den, momentu honetan, bazterketa arriskuan dauden familietako kideek, zerbitzu sozialetako ongikusiarekin, kirol instalakuntzak erabiltzeagatik laguntzak lortu ditzakete. Bertzalde, aurten, berrikuntza modura eta ordainketa errazteko, abonuak bi alditan zatiturik ordaintzeko aukera emanen diete erabiltzaileei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun