Baztango udalak ez ditu bere gain hartuko Gazte txartelaren beherapen eskaintzak

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 15a

Horren ordez, pertsona bakoitzaren egoerari egokitutako zerbitzuak eskainiko ditu

Gobernuaren eskaintzak ez dituela ekitate printzipioak kontuan hartzen uste du udalak. Horregatik, gazte txartela duten guztiei, udalaren ordaineko zerbitzuetan %5-10eko beherapena egin beharrean, pertsona bakoitzaren egoera sozioekonomikoari egokitutako eskaintza egingo die udalak.

Gazte txartela duten gazteei igerilekua, museoak eta musika eskolako zerbitzuetan %5-10eko beherapena egiteko eskatu zion Gobernuak Udalari, baina udalak ez du onartu. Gazte txartela duten hamalau eta hogeita hamar urte arteko gazte guztiengan izango luke eragina neurriak eta hori ez dela neurri ekitatiboa uste du Baztango Udalak. Adin tarte arras zabala dela eta ez duela gazteen egoera sozioekonomikoa kontuan hartzen uste duelako. Udalak horren ordez, pertsona bakoitzaren egoerari egokitutak zerbitzuen ordainketa eskaintzeko ahalegina egiten dutela dio. Horrela, kasu batzuetan egoera ekonomiko txarrean dauden familietako kideei igerilekuko abonua doainik eskaini zaie edo musika eskolarako matrikuletan adibidez familia ugarikoei deskontua egiten zaie. Bertzalde, igerilekuan 14tik-17urte artekoei ere %25eko beherapena egiten zaie tarifetan. Eskaera eta kasuaren arabera egiten dira deskontuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun