Gartzainen Pilarika bestak ospatuko dituzte asteburuan

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 10a

Aurten ere herriko kirol apustua jokatuko da larunbatean

Larunbat eguerdian herri kirol apustua jokatuko da

Gartzaingo PIlarika besten txanda iritsi da. Urriaren 11an hasi eta 14ra arte, lau egunez adin guztietako jendearendako bestak prestatu dituzte.

Ortzegunean, Pilarika bezperan, emanen diete hasiera bestei. Arratsaldeko bortzetan botako dute txupinazoa eta ezkil jotzea. Ondoren, mus zimizte txapelketa jokatu da. 21:30ean Baztan Zopak izanen dira trinketean eta gau erditik aitzinera KUPELA taldearen trikiti doinuekin gozatuko dute bertaratzen direnek. Goizaldeko zazpietan, besta ongi amaitu edo urrengo eguna indarrez hasteko, zinger jatea eginen dute.

Urriaren 12an, Pilarika eguna ospatuko dute. 10:00etan dianak eta argisoinuak girotuko dute goiza. 12.00etan Meza Nagusia izanen da Aixteiko ermitan eta ondotik luntxa. 14:00etan gazte bazkaria antolatu dute eta 19:30ean triki bertso poteoa eginen da herrian barna. Gaueko hamarretan tortilla jatea eta ondotik dantzaldia izanen da AGERRALDErekin.

Urriaren 13an, herritarren eguna ospatuko dute. 10:00etan dianak eta argisoinuak izanen dira. 11:30etan herri kirol apustua izanen da, aitzineko urteetan bezala herritarren artean. 14:00etan zikiro jana eta arratsaldean dantzaldia MIKEL SALABERRIrekin. 21:30ean mutildantzak eta ondotik pintxoak izanen dituzte afaltzeko. Eguna amaitzeko dantzaldia antolatu dute.

Urriaren 14an, besten azken eguna, haurren eguna izanen da eta beraiek izanen dira egun osoko ekitaldietan protagonistak. 10:00etan diana eta argisoinuekin emanen diete hasiera egunari. 14:00etan haurren bazkaria izanen da eta arratsaldean jolaserako nahiko aukera izanen dute jokoak eta puzgarriak prestatu dituztelako. 18:30ean haurrendako txokolatada eta 20:30ean tortilla jatearen ondotik akabera emanen zaie bestei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun