Elizondoko ihoteetan tortura salatu zuten lau gazteak epaiaren zain daude

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 9a

Fiskalak gazteak irainengatik zigortzea eskatu zuen berriro bakoitzari 5400 euroko isuna jartzeko eskatuz

2010ean torturak salatzeko parodia egin zuten lau gazteak urriaren 4an izan ziren epailearen aitzinean. Fiskalak bere eskaera berretsi eta lau gazteak irainengatik zigortzea eskatu zuen. Defentsa abokatuak berriz batetik froga objetiborik ez dela eta bertzetik zigorra adierazpen askatasunaren kontrako zigorra izanen zela adierazi zuen. Azken epaiaren zain daude auzipetuak.

Hainbat euskal herritarrek polizien aldetik jasan dituzten torturak salatzeko asmoz, 2010eko inauterietan torturen parodia egin zuten. Horren ondorioz, lau gazteren aurkako epaiketa abian jarri zuten.  Hasiera batean, kalumnia delituengatik zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen lau gazteentzat, baina epaiketan, irain gisa kalifikatu eta bakoitzarendako 5.400 euroko isuna eskatu zuen fiskalak azkenean. Defentsak indefentsioa argudiatu eta epaiketa berriz egin zen urriaren 4an. Azken epaiketa honetan, giskalak bere eskaera berretsi eta lau gazteak irainengatik zigortzea eskatu zuen. Defentsa abokatuak berriz batetik froga objetiborik ez dela beraiek izan zirela baieztatzeko argudiatu du, eta bertzetik tortura salaketa bat dela eta zigorra adierazpen askatasunaren kontrako zigorra izanen zela adierazi zuen. Azken epaiaren zain daude orain auzipetuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun