Urriaren 13an ospatuko da aurtengo Errotaren Eguna Elizondon

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 8a

Ortziralean aurtengo Errota Eguna aurkeztu zuten Baztango udaletxean. Irudian, Izaskun Goñi Bertizko Partzuergoko kidea, Maite Iturre, Turismo eta Merkataritza arloko zinegotzia eta Xabier Torres, Eli

Etxaide inguruetako ondare etnografikoari buruzko ikerketen emaitzak ikusteko aukera egonen da lehenengoz

Amaiurri lekukoa hartuta, Elizondoko Etxaide errotan eginen da aurtengo Errota Eguna. Honela, larunbatean, urriak 13, egun osoan zabalik izanen dira errotako ateak. Garai bateko bizimodua ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek antolatu dituzten hitzaldi eta bisita gidatuen bidez.

Larunbatean, urriaren 13an, ospatuko da Baztango Errotaren Eguna. Baztan-Bidasoako erroten artean txandaka egiten da besta eta Elizondoko Etxaide errotan izanen da aurten. Egun osoan zehar, errota ezagutu eta garai batean zuten garrantziari buruz ikasteko aukera egonen da.

Goizeko 11etatik errotaren ateak zabalik egonen dira eta artisau azoka txiki bat eginen da errotaren inguruan. 11:30ean bisita gidatua eginen dute errota eta kanalean. Ondotik Juainas Paulek hitzaldi bat emanen du errota eta elikagaiei buruz. Jarraian Xaloak egindako erreportaia bat ikusteko aukera izanen da. Goizeko ekitaldiak amaitzeko, datorren urteko errotari lekukoa emanen zaio. Arratsaldeko bortzetan, lehenengoz, Etxaide inguruko ondare etnografikoei buruz, Inbuzketa anaiek egindako ikerketak erakutsiko dituzte. Izan ere, Etxaideko inguruetan gisa honetako zenbait elementu daude, espileak edo gaztainak gordetzeko tokiak, bertzeak bertze. Pello Iriartek historialariak eginen ditu aurkezpen lanak eta bisita gidatua arratsaldeko 5etan eginen du. Egun osoan zehar taloak jateko aukera izanen da errotan bertan.

Errotaren eguna, ez da Elizondon eginen den kultur ekitaldi bakarra izanen. Urriaren 20an Kirikoketa Besta eginen da sagardoa egiteko eta hilabetea akitzeko, 26an Elizondoko Udazkeneko Feria ospetsua burutuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun