‘Kalera oinez, doike!’ kanpainak aitzinera segitzen du. Amaiur eta Oronoz-Mugairiko herrietan paratu nahi dute orain martxan eta eskolarako bideekin hastea erabaki dute, etxetik eskolara eta eskolatik etxerako joateko. Bide horiek seguruagoak, osasuntsuagoak, atseginagoak eta erakargarriagoak egin nahi dituzte, umeak oinez edo bizikletaz joateko aukera edukitzeko. Horretarako Udala, eskolako ume eta gurasoak, Osasun Etxea, eskola, udaltzaingoa eta Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa elkarlanean ari dira. Dagoeneko bilerak egin dituzte, inkestak bete dituzte eta tailerrak ere egin dituzte, baita bideak aztertu ere. Orain, herri bakoitzean bilerak antolatu dituzte: Amaiurren eta Oronoz-Mugairin ortzegunean, hilak 4, bilduko dira. Amaiurren 15:30ean Otsondo Elkartean eta Oronoz-Mugairin 17:30ean eskolan.