Giltxaurdi kirol instalazioak enpresa pribatu izatetik publiko izatera pasatu dira eta orain arteko kudeaketa Masquatro enpresak egiten bazuen, orain bide publikotik eginen dute. Gerente berria hasia da lanean, Luis Alberto Duran arabarra da, eta pozik eta gogotsu hasi du ibilbide berria. Gisa berean, aipatu, irailaren 26an lehenbiziko aldiz bildu zela Giltxaurdi enpresa publikoaren administrazio kontseilua, Garbiñe Elizegi, Mikel Ortega, Iñigo Iturralde, Maite Iturre eta Isabel Olabe udal ordezkariek eta kirol teknikariak eta kudeatzaileak osatua. Orain arte egindakoak azaltzeaz gain, instalazioen egoera izan zuten hizpide. Eta ikasturte berriko ekintzak eta bonoen prezioez ere aritu ziren. Giltxaurdi enpresa publikoaren kontularitza kanporatzeko proposamena ere mahai gainean paratu zen, baita hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ere. Udalak kiroldegiko materiala erosteaz ere solastu ziren. Gaur egun, 999 bazkide ditu Giltxaurdik, eta kudeatzailearen helburuetako bat bazkide kopurua haunditzea da.