Euskal Herriko herri anitzetan bezala, Baztanen ere euskaraz bizitzearen nahia aldarri bihurtu zuten ehunka lagunek Elizondoko karriketan. 206 lagun aritu ziren lasterka, horietarik 129 haurrak, eta 78 gazte eta helduak. Lasterkariez gain jendetza bildu zen ikustera. Helduetan, emaztekietan, Maria Mendiburuk irabazi zuen, Noemi Martirena bigarren gelditu zen eta hirugarren Patricia Leiza. Gizonkietan, Alberto Barberena nagusitu zen, Iñaki Telletxea bigarren eta Haritz Gaztelu hirugarren. Irabazleek txapela, gasna, ardo botila bat eta diploma eskuratu zituzten, bigarrenek bi ardo botila eta diploma eta hirugarrenek ardo botila bat eta diploma. Sari banaketaren ondotik opari ederrak zozketatu ziren eta kale antzerkia ere izan zen. Honat ere jende anitz hurbildu zen ikustera. Bertzalde, irailaren 20an Euskaraz bizi nahi dut solasaldi interesgarria eskaini zuen Iñaki Lasa Kontseiluko kideak. Hizkuntza politika berri bat izan zuen hizpide. Gisa honetara, baztandarrek ere euskaraz bizi nahi dutela argi eta garbi erakutsi dute.