Aurten 25. edizioa bete duen piriniar arrazako behien estatu mailako lehiaketa-enkantea egin zen Elizondon irailaren 21etik 23ra. Nafarroa eta Bizkaiko aziendek lortu zituzten sari gehienak. Tartean, Iruritako Xorneako Teodora Mitxelenak lehenbiziko sari bat eta bi sari berezi eskuratu zituen.
Gehienbat Euskal Herrian hazten diren aziendak izan ziren ikusgai Elizondon eta joan den urtean baino guttixeago izan arren, 35 abeltzainek 205 buru lehiaketara aurkeztu zituzten eta bertze 47 salgai paratu zituzten, baina enkanteak ez zuen arrakasta handirik izan.
Baserritar bakoitzak kategoria bakoitzera bi buru aurkezteko aukera izan zuen eta lehiaketan parte hartzeko aziendak hamar kategoriatan sailkatu ziren. Denetara 60 bat sari banatu ziren, eta tartean batzuk eskualdean gelditu ziren.
4 urtetik goitiko zezenkoetan, erraterako, Iruritako Teodora Mitxelenak hirugarren postua eskuratu zuen.
8-18 hilabeteko urruxen artean, berriz, lehenbiziko saria eskuratu zuen Iruritako Teodora Mitxelenak eta Arizkungo Isabel Agirrek bosgarrena.
18-24 hilabeteko urruxetan, Arraiozko Isabel Laurnaga laugarren gelditu zen. Eta 2-3 urtekoetan, Erratzuko Juan Jose Iñarreak hirugarren postua eskuratu zuen. 3-4 urteko umatuen artean, Teodora Mitxelena bigarren izan zen.
Sari bereziak ere banatu ziren eta horien artean, Baztango urruxarik eta zezenkorik onenen sariak Iruritako Teodora Mitxelenak lortu zituen.