Hainbat euskal herritarrek polizien aldetik jasan dituzten torturak salatzeko asmoz, 2010eko inauterietan torturen parodia egin zuten hainbat lagunek. Bada horregatik, Elizondoko lau gazte epaitzekoak zituzten joan den astean Iruñean. Azkenean, ordea, epaiketa bertan behera gelditu zen Fiskalak bukaerako ondorioetan kalifikazioa aldatu zuelako. Hasiera batean, kalumnia delituengatik zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen lau gazteentzat, eta joan den astean, berriz, irain gisa kalifikatu eta bakoitzarendako 5.400 euroko isuna eskatu zuen. Defentsak indefentsioa eragin zitzaiola argudiatuta, bertan behera uzteko eskatu zuen eta epaileak onartu egin zion. Ortzegun honetan, urriak 4, epaiketa berria eginen da, 13:30ean.