‘Kalera oinez, doike!’ kanpainak aitzinera segitzen du. Amaiur eta Oronoz-Mugairiko herrietan paratu nahi dute orain martxan eta eskolarako bideekin hastea erabaki dute. Bide seguruagoak, osasuntsuagoak, atseginagoak eta erakargarriagoak egin nahi dituzte, umeek eskolara oinez edo bizikletaz joateko aukera edukitzeko. Ekimena martxan jartzeko ortzegunean, urriak 4, bilduko dira. Amaiurren 15:30ean Otsondo Elkartean eta 17:30ean Oronoz-Mugairiko eskolan.
Udala, eskolako ume eta gurasoak, Osasun Etxea, eskola, udaltzaingoa eta Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa elkarlanean ari dira proiektua aurrera ateratzeko. Dagoeneko bilerak egin dituzte, inkestak bete dituzte eta tailerrak ere egin dituzte, baita bideak aztertu ere. Gaurko bileraren ondotik martxan paratu nahiko lukete Eskolara oinez, doike! ekimena.