Elizondoko ihauteetan tortura parodiatu zuten lau gazteen aurkako epaiketa ortzegunean izanen da

Ttipi-Ttapa 2012ko urr. 3a, 12:23

Hainbat lagun joan ziren lehengo astean Iruñera, epaituei elkartasuna adieraztera.

Zenbait baztandarrek agerraldia egin zuten urriaren 2an, epaiketa jazarpen politiko eta poliziala dela salatzeko

Urriaren 4an, 13:30ean izanen dira epailearen aitzinean Baztango lau gazteak. 2010ean torturak salatzen zituen parodia egiteagatik irain delitua egotzi diete eta 5.400 euroko isuna eskatzen du fiskaltzak akusatuetako bakoitzarendako. Epaituei babesa emateko, epaiketarat joateko gonbitea egin zuten Baztango zenbait bizilagunek asteartean, urriak 2,  egin zuten agerraldian. Eguerdiko 12etan Elizondoko plazan egin dute epaiketarat elkarrekin hurbiltzeko hitzordua.

Baztango lau gazte epaituko dituzte ortzegunean 2010eko Elizondoko ihauteetan torturak salatzen zituen parodia egiteagatik. Epaiketa joan den astean zen egitekoa Iruñean. Azkenean, ordea, epaiketa bertan behera gelditu zen Fiskalak bukaerako ondorioetan kalifikazioa aldatu zuelako. Hasiera batean, kalumnia delituengatik zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen lau gazteentzat, eta joan den astean, berriz, irain gisa kalifikatu eta bakoitzarendako 5.400 euroko isuna eskatu zuen. Defentsak indefentsioa eragin zitzaiola argudiatuta, bertan behera uzteko eskatu zuen eta epaileak onartu egin zion. Urriaren 4an izanen da epaiketa 13:30ean Iruñean.

Epaiketaren harira, zenbait baztandarrek beren babesa eman nahi izan diete epaituei. Euskal Herrian torturak salatzeko ekimenak etengabe egin izan direla erran zuten urriaren 2an egindako jendaurreko agerraldian. Epaiketa jazarpen politiko eta poliziala dela uste dutela eta estatuak tortura babesteko eraikia duen egituraren parte gisa dela salatu zuten. Horrenbertzez, beraien erranetan, epaiketa ez da inondik ere onartzen ahal. Horregatik, ortzegunean, urriaren 4an, egitekoa den epaiketarat joateko gonbitea egin nahi izan diete baztandarrei. Eguerdiko 12etan Elizondoko plazan egin dute hitzordua. Bertzalde, egun berean, Elizondoko plazan ilunabarreko 8etan epaiketa salatzeko elkarretaratzea egiteko deia egina zuten, baina astearte goizean jakin zutenez Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak debekatu egin du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun