Baztango aurrekontuetan Nafarroako Gobernuko murrizketek eragin handia izanen dutela salatu du udalak

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 1a

Euskaran, gizarte laguntzetan, ingurugiroan eta nekazaritzan izanen dira murrizketa nabarmenenak

UPNk hartutako neurriak eta eguneroko funtzionamenduan jartzen dizkieten oztopoak salatu ditu Baztango udalak. Bertzeak bertze euskararen alorrean 10 urtean %85 jaitsi da dirulaguntza eta azienda lehiaketen dirulaguntzak %100 desagertu dira. Aurreikusitako bertze proiektu aunitz bertan behera utzi edo gibeleratu behar izan dituztela salatu dute.

Nafarroako Gobernuak abuztuan aditzera emandako murrizketa neurriek eragin handia izanen dutela salatu du Baztango udalak. Sektore guztietan izanen dira mozketak, baina diotenez, hau ez da izanen 2013ko aurrekontu eta proiektuak ezartzerakoan udalak izanen duen oztopo bakarra. Udalaren erranetan, UPN udalak gehiengoz hartzen dituen erabakiak helegiteen bidez gelditzen saiatzen ari delako. 

Sektore batzuetan murrizketa handiak jasan eta besteetan laguntzak guztiz desagertu dira.

Euskara zerbitzua duten udalek jasotzen zuten diru laguntza % 85 jaitsi da 10 urtean. 2001ean 727.344,76 euroko diru laguntza eman zuen gobernuak Euskara zerbitzua zuten udalen artean banatzeko. 2012an 109.171,41 euroko laguntza eman du, kontuan hartuz Euskara zerbitzu gehiago sortu direla handia izan da egon den beheraka.  Euskal komunikabideena kasuan %100 murriztu da, aurten ez baitute dirurik eman.

Nafarroako Gobernuak eskolen mantenimendurako laguntzak murriztu ditu, baita eskoletako obrak egiteko ere. Horrela, Azpilkuetako eta Arizkuneko eskoletako teilatuendako ez diete hitzartutako %65eko dirulaguntza eman. Horren ondorioz egoera makurrenean zein zegoen kontuan hartuta Azpilkuetakoa bakarrik egin ahal izan dute eta haren kostua Baztango Udalak osoki bere gain hartu du.

 

Enplegu Babestuko proiektuan %50eko murrizketa izan da. Horren ondorioz, 8 langile kontratatu beharrean 4 kontratatu dituzte. Eta gizarte laguntzak batzuk ere desagertu egin dira. Ezintasuna dutenendako laguntza teknikoa lortzeko, haurra sortzen deneko eta 3. haurra izateagatik zeuden laguntzak dagoeneko ez dituzte ematen.  Horretaz gain,  etorkinen integraziorako Baztango Udalak planteatu zituen hainbat ekintza ezin izan dira egin, diru-laguntzak desagertu zirelako.

 

Azienda lehiaketen dirulaguntzak %100 desagertu dira eta aurtengo nekazaritza azpiegituretako dirulaguntzaren deialdia ez da atera. Pistak konpondu, bazkalekuak mantendu, itxierak egin, hiltegia eta horrelako gauzetako erabiltzen zen dirua ez dute jaso. Lau urteko planari dagokionez, hainbat bilera eta salaketa egin ondotik, Nafarroako Gobernua Iruritako uren goi-hornidurako proiekturako dirulaguntza bideratzea lortu dutela erran du Baztango udalak, 250.000 euro inguru jasoaz. Baztango udalak, lan hori egiteko urte hasieratik berari dagokion diruaren zatia prest duela aipatu dute. Hala ere, Nafarroako Gobernuak bideendako eta Amaiurko ur depositoarendako dirua Gobernuak oraindik ez du eman.

Eguneroko funtzionamenduan ere oztopo ugari dituztela salatu dute. 2011ko ekainetik 9 helegite jarri ditu UPNk gai desberdinen inguruan. Horietatik bietan bakarrik eman zaio arrazoia eta beste batean erdizka. Bi oraindik erabaki gabe daude eta beste 4 etan udalari eman diote arrazoia.Helegite haukin, udaleko bulegoetako lana oztopatu eta herritarrei ematen zaien zerbitzu eta erantzunetan atzerapenak haundiagotzea eragiten dutela dio Baztango udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun