Aurten Erratzun izanen da Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen besta. Igande honetan, irailak 30, izanen da eta egun osoko besta antolatu dute, gerturatuko diren ikasle, irakasle eta gurasoentzat.
Urdazubi-Zugarramurdi, Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Gartzain, Irurita, Arraioz, Ziga, Almandoz eta Oronozko eskoletako haurrak batuko dira bestan. 10:00etan emanen zaio bestari hasiera. Ordu horretan kalejira eginen dute Erratzuko damekin eta ondotik plazan ibilbideei hasiera emanen diete. Koxkorrek jinkana eginen dute Xorroxinerat eta ttikiek Gorostapolorat, bertako frontoian logoaren osaketa eginen dute eta aurpegiak margotzeko tailerra egonen da. Gero fanfarronak lagunduta kalejira eginen dute Erratzuraino.
14:00etan Erratzuko frontoian, nahi duenak otordu autogestionatua egiteko aukera izanen du eta bertzela menu herritarra ere eskainiko da: taloa, edaria eta postrea bortz eurotan. Horretarako eskoletan eman behar da izena. Bazkarian, kantu zaharrak eta sagardo kupela ere izanen dira.
Arratsaldean tirolina eta arupegiak margotzeko tailerra, eta akitzeko dantzaldia izanen da Frantxiskoren eskutik.