Iruritan ere besta ttikiak ospatuko dituzte irailaren 21ean eta 22an. Ortziral arratsaldeko 20:30ean Nazioen Mundua herri-ekimenak Jon Maiaren gidaritzapean sortutako “Gazta Zati bat” dokumentala ikusgai izanen da Iruritako Gizarte Zentroan.
Irailaren 22an, larunbat goizeko 11:30ean bertso-pilota izanen da Erreboteko plazan. Herriko pilotariak ariko dira lehian eta hauen aholkulari, Julio Soto eta Sustrai Colina bertsolariak izanen dira. Ondotik, herri bazkaria eginen da. Arratsaldeko 18:30etik aitzinera, Aierrik musika taldearekin dantzaldia izanen da Gizarte Zentroan. Inguru horretan besta giroa izanen da arratsalde osoan, bokata eta edariak izanen baitira. Gauez, berriz, Tirri&Tery DJren eskutik, musika izanen da.