Azkeneko urteetan Elizondon egin den piriniar arrazako behi azienda lehiaketa eta enkantea kinkan egon bada ere, irailaren 21, 22 eta 23an, ortziraletik igandera ospatuko da berriro ere Baztanen. Aurtengoa XXV. edizioa izanen da eta Conaspiren, baserritarren eta Udalaren konpromiso eta elkarlanari esker egiten ahalko da. Honela, irailaren 21ean, ortziral arratsaldeko 15:00etatik aitzin aziendaburuak Merkatuko Plazan sartzeko aukera izanen da.
Irailaren 22an, larunbat goizeko 9ak baino lehen, parte hartuko duten aziendaburuak Merkatuko plazan sartuko dira. 09:00etan Baztango Aratxearen Gastronomia Ibilbidearen inaugurazioa eginen da. 10:00etan Azienda kalifikatzeko itzuliak eginen dituzte epaimahaikideek. 18.00etan Behi-aziendaren erakustaldia eginen da, esatari batek azienda deskribatuko duen bitartean. 20.30ean Antxitonea Trinketean Joaquín Solbesen solasaldia eta Aratxearen Bigarren Gastronomia Jardunaldien aurkezpena eginen dira. Ondoren, izena eman duten abeltzainendako afaria. Larunbatean epaimahaikideek lehiaketan parte hartuko duten aziendaburuak baloratuko eta puntuatuko dituzte.
Irailaren 23an, igande goizeko 10:30etik 14:00etara Baztango eskulangile- azoka eginen da. 11:00etan “Nafarroako Aratxea / Ternera de Navarra” haragiaren eta “Gorramendi” gasnaren dastaketa eginen dira. 12:00etan Pintxo, salda eta bustiei emandako sarien banaketa. 12:30ean Behi-azienda enkantea eginen da. 13:00etan Sari eta garaikur banaketa eginen dira. Ondoren ASPINA elkarteak Baztango aratxe pirenaiko bat zozketatuko du.
Edizio gorabeheratsua
Nafarroako Gobernuaren iazko dirulaguntzen ordainketaren gibeleratzeak eta aurtengoa egiteko dirulaguntzarik ez baieztatzeak airean utzi du lehiaketa-enkantea. Feriak denetara 48.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz eta horietatik Gobernuak 15.250 euroko laguntza eman behar zuen. Azkenean, 2012ko maiatzaren 16an hartu dute antolatzaileek. Aitzineko edizioetan Espainiako Ingurumena, Landa eta Itsas Eremua Ministeriotik laguntza jasotzen zuten Conaspiren bitartez, baina aurten ere bertan behera geldituko da.
Aurtengo antolakuntzaren ardura Conaspik hartu du (piriniar arrazako behi-aziendaren elkarteen konfederazio nazionala), hainbat herrialdetako elkarteetako kideek, abeltzainek, apostu haundia egin baitute lehiaketa mantentzearren, horrelako ekitaldi baten antolakuntzaren zama ekonomikoa bere gain hartuko dute.
Udalak, bere aldetik, Merkatuko Plaza lehiaketarako prestatzeko eskulana beregain hartuko du, baita 2.000 euroko laguntza emanen ere. Eragile pribatuei ere laguntza eskatu zaie dagoeneko eta lagundu nahi duten herritarrek ere, horretarako aukera izanen dute. Azkenik, Nafarroako Gobernuari, aurten ere diru-laguntza eskatuko zaio.