Casinoren jabetza argitzeko txosten juridikoa agindu du Udalak

TTIPI-TTAPA 2012ko irailaren 21a

Gan den urtean 150 urte egin zituen Casinoak eta zaharberritze lanak egin zituzten. Artxiboko argazkia

Elizondoko Casinoren jabetza argitzeko txosten juridikoa agindu du Udalak. Casino elkartea egin ahal izate­ko Udalak bere garaian lurzoruaren 100 urteko emate edo zesioa egin zuen. Geroztik 100 urteak pasatu dira eta, orain gutti, Casinoko kideak eraikina elkartearen ize­nean jar­tzeko tramiteak egitera udale­txerat joan direlarik, paperetan Casinoren in­guruko jabe­tza eskubiderik ez dagoela ikusi ahal izan da, hau da, Casino elkarteak ez duela eraikinaren gaineko jabetzaren dokumentaziorik. Gauzak horrela, eta egoera zein­ den argitze aldera, Udalak beha­rrezkoa ikusi du txosten bat egitea eta ho­rretarako Eusko Ikaskuntzarekin duen akordioa baliatuz, artxibategi ezberdinetan Casinoren egoerari buruzko ikerketa egiteko erabakia hartu du. Argitu be­ha­rrekoa Casino elkarteak eraikinaren gaineko jabetza eskubidea ote duen da. Txostena egiteak 7.400 euroko balioa du eta lan hori hiru hilabetez luzatuko da.
 
Eraikina jabetza publikokoa dela argitzen bada, Udalak adierazi du helburua ez litzatekeela bertan egin dituz­ten inbertsioen eta lanen ondotik, Casino elkartea kanporatzea eta eraikina hustuaraztea, eraikinaren jabetza publikoa aitortuz oraino zehazteko dagoen akordio bat egitea baizik, eta horren arabera, erabile­ra eskubidea arautzea. Jabe­tza elkartearena dela argi­tzen bada, Udalak behar diren tramiteak eginen ditu ofizialki hala azal­tzeko. Jabe­tza publi­koaren defen­tsa administrazio publikoaren lanean lehentasunezkoa izan behar duela uste du. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun