Loizu udal hiltegia arautegirat moldatzeko 36.000 euroko aurrekontua duen heiaren berritzea egin du Udalak. Orain artioko heia pareten bidez banatua zegoen, hala, aitzinekoa urratu eta, ondotik, burdinezko kortxelen bidez banatutakoa egin da. Azienden atakak irekitzeko sistema aldatu eta langileendako pasarelak ere paratu dira.
Moldaketa horiekin, alde batetik, albaiteroen lana erraztuko da eta bertzetik, langileen lan baldintzak ere hobetuko dira, ataka sistema berriarekin eta pasarelarekin segurtasuna bermatuko baita. Berritutako heiak animalien ongizate sailaren eta lan-arriskuen prebentzio arautegiaren baldintzak beteko ditu.
Heia berritzeko lanak buruilaren 6an hasi ziren eta 21ean akituko dira. Obrak Arakan enpresak egin ditu 13.963,12 (BEZ aparte) euroren truke eta barneko azpiegitura eta hornigaien ezarpena, berriz, Etxe-Holtzek, 14.960 euroko (BEZ gabe) aurrekontuarekin.
Gainerakoan, Udalak Loizu udal hiltegia arautegiaren eskakizunetarat moldatzeko orain arte guztira 17.000 eurora iristen diren lanak egin ditu. Hasteko azienden sarbidea hobetzeko alaka edo txaflana egin zen pareta batean. Gisa berean heia berriaren proiektua eta bertzelako lanen proiektua idazteko Udalak 1.500 euroyan ingeniaria kontratatu zuen. Bertzetik, ur-araztegian sarea jarri zen, horrela xoriek hiltegitik ateratzen diren haragi hondarrak ez ditzaten jan. Animalien tripetako kakak eta aziendak kamioietan eramaten direlarik ekartzen dituzten azpiak eta zikinak biltzeko ongarriendako lehorpea ere egin da. Aziendak hil aitzinean zorabiatzeko erabiltzen den ekipoa berritu da (2.500 euro) eta azienda ttikiak hiltzeko (zerriak, ardiak eta bildotsak) box edo ataka berezia egin da (3.000 euro).
Akitzeko joan den abuztuaren 15ean udal hiltegiaren etorkizunaz eztabaidatzeko egin zen fororat sektoreko hamabortz eragile joan ziren; orain, eragile horiekin hiltegiarendako proiektu bat adosteko eta zehazteko aukera aztertuko da.