Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoak elkartuko dituen besta Erratzun eginen da aurten, irailaren 30ean. Horren harira, goiz eta arratsalderako ekitaldiak prestatu dituzte Erratzuko Guraso Elkarteko kideek.
10:00etan ongietorria eginen zaie bertze herrietakoei sarrerako pisuetan eta ondotik, kalejira izanen da Erratzuko damekin. Gero, plazatik bi ibilbide abiatuko dira. Koxkorrak jinkana eginen dute Xorroxinerat eta ttikiak Gorostapolorat joanen dira. Gorostapoloko frontoian logoaren osaketa eta aurpegiak margotzeko tailerra eginen dituzte. Handik berriz herrirako bidea hartuko dute kalejiran, Fanfarronak lagunduta.
14:00etan bazkaria eginen dute frontoian. Nahi duenak otordu autogestionatua egiteko aukera izanen du eta bertzela menu herritarra ere eskainiko da: taloa, edaria eta postrea bortz eurotan. Horretarako eskoletan eman behar da izena. Bazkarian, kantu zaharrak eta sagardo kupela ere izanen dira.
Arratsaldean, tirolinan ibiltzeko aukera izanen dute neska-mutikoek BKZren eskutik. Frantxiskorekin dantzan aritzeko aukera ere izanen da eta aurpegiak margotu nahi dituenak tailerra ere hortxe izanen du.