Gaur goizaldean, kamioi bat irauli da N-121A errepidean, Almandoz parean, eta bai Irun aldera eta bai Iruñea alderako bideak itxita gelditu dira. Istripuaren ondorioz, bi lagun zauritu dira eta horietako bat larri.
Ezbeharra 03:30 aldera gertatu da, oraindik ezagutzen ez diren arrazoien ondorioz, mantak eta infusioak zeramatzan kamioi bat irauli denean; Irun aldera zihoan eta errepideko 35,2 kilometroan izan du istripua. 29 urteko emakumezkoak, gidariaren ondoan zihoanak, hausturak izan ditu eta zauri larriak egin ditu hanketan. Gidariak, berriz, 48 urteko gizonezkoa, aurpegian traumatismo arina du. Bai emakumezkoa eta bai gizonezkoa ere Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.
Istripuaren ondorioz, errepidea itxita gelditu da baina 11:00 aldera Iruñarako bidea zabaldu dute eta 12:30 aldera Irunera doan erreia ere bai. Istripuaren ondorioz, bi lagun zauritu dira eta horietako bat larri. eta Nafarroako Gobernutik jakinarazi duenez, kamioiak gasolioa isuri du errekara. Kamioia errepidean gurutzatuta gelditu da eta horregatik itxi behar izan dute bi norantzatan bidea.
Atzo bertze istripua Arraiozen
43 urteko pertsona bat zauritu zen atzo, asteartean, N-121B errepidean gertatutako istripuan, Arraioz parean. Larrialdi Zerbitzuek 21:00 aldera jaso zuten ezbeharraren berri. Antza, bi autok elkar jo zuten eta errepidea moztua gelditu zen. Gidarietako bat, pronostiko erreserbatuarekin, sabel aldeko kontusioa zuelako, Nafarroako Ospitalera eraman zuten. Istripuan ez zen bertze zauriturik izan.