Eguzkilore Baztango emakumeen elkarteak denboraldi honetako ikastaroak prestatzeari ekin dio. Hainbat aukera eskainiko ditu aurten ere urritik maiatzera bitartean. Kasurik gehienetan, guttienez hamabi lagun apuntatzea ezinbertzekoa izanen da ikastaroa aitzinera eramateko eta irailaren 26a izanen da izena emateko hondarreko eguna.
Erlajazioa astelehenetan 17:00etatik 18:30era eskainiko da Virginia Barearekin eta urriaren 1ean hasiko dira ikastaroak. Izena-emateko 948 580053ra deitu behar da, eguerdian. Bazkideek 85 euro eta ez direnek 100 euro ordaindu beharko dituzte.
Yoga ortzegunetan emanen da Patxi Txokarrorekin, 17:30etik 18:30era, eta urriaren 4an hasiko dira klaseak. Bazkideek 60 euro eta ez direnek 90 euro ordaindu beharko dituzte eta izena emateko 607 929344ra deitu behar da, 10:00etatik 14:00etara.
'Nire burua ezagutuz' izeneko ikastaroa astelehenetan eskainiko da 17:30etik 19:30era. Ana Kariñena izanen da irakaslea eta urriaren 10ean hasiko dira lanean. Bazkideek 100 euro eta ez direnek 120 euro ordaindu beharko dituzte. Izena emateko 948 452372ra deitu behar da.
Yogilates asteartetan emanen du Maria Reynoso irakasleak, 18:00etatik 19:30era. Urriaren 2an izanen da lehenbiziko klase eguna eta izena emateko 948 581869ra deitu behar da. Bazkideek 85 euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek 15 euro gehiago, 100 euro.
Dantzapilates ortzegunetan eskainiko dute, Maria Reynoso irakaslearen eskutik eta 18:00etatik 19:30era. Urriaren 4an hasiko dira eta izena emateko 948 581869ra deitu behar da. Yogilatesen prezio berdinak izanen dira bai bazkideentzat eta bai bazkide ez direnentzat ere.
Eguzkilore elkartearen azkeneko eskaintza konstelazio familiarrak izeneko ikastaroa da, ortziraletan 17:15etik 19:15era emanen dena, Junkal Elizalderekin. Urriaren 5ean izanen dute lehenbiziko klase eguna eta izena emateko 608 738330ra deitu behar da. Bazkideek 135 euro eta ez direnek 190 euro ordaindu beharko dituzte.
Elkarguneak
Ikasturte honetako bertze hitzorduen berri ere eman du Eguzkilorek, hilabete bakoitzeko bigarren astelehenetan eginen diren elkarguneen berri, alegia. Urriaren 8an kontserbak izanen dituzte hizpide, azaroaren 12an eutonia, abenduaren 10ean gazta egiteko urratsak, otsailaren 11n ogia egiteari buruz ariko dira, martxoaren 11n denboraren bankuaz, apirilaren 8an elikadura osasuntsu bati buruzko mito eta egiak izanen dituzte mintzagai eta maiatzaren 13an baratzea eta lorategiaz ariko dira. Kasu guztietan, 18:30ean bilduko dira Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.