Baztango Bilduko udal taldeak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, «aurtengo Elbeteko bestetako egun nagusian Bilduko ordezkariek ez dugu bertan egoterik izan Elbeteko alkateak bere kargodunekin emakumeak bestatik baztertzeko hartu duen neurri espresarengatik».
Bilduren oharrak dioenez, alkatea udaleko berdintasun teknikariari «modu txarrean eta zakarki mintzatu zitzaion» eta ondoren, Baztango alkateari «emakumeak egun nagusiko mutil-dantzatik baztertzeko, mutil-dantza beraiek antolatutako dantza taldeak soilik dantzatuko zuela» jakinarazi zion. Horrela, Bilduren erranetan, «orain artio irekiak izan diren dantzak pribatizatuz eta, maila bat gorago eramanez, bazterketa bera ofizializatuz».
Bilduren udal taldeak uste du ez dela «bazterketa hori babesten duen ekitaldi instituzionalean» egoten ahal eta ez duela «dantzen ikuspegi pribatizatzaile eta patrimonizatzaile horrekin» bat egiten ahal, «gehiago kontuan hartuta aitzineko urtean Elbeteko bestetan mutil-dantzetan parte hartu zuten neskek jasan zituzten erasoak eta entzun behar izan zituztenak: hijas de puta eta zernahi gauza».
Prentsa-oharra akitzeko, zera dio Baztango Bilduko udal taldeak: «Ez da inondik ere onartzen ahal berriz ere emakumeak zikiro jateetatik, kinto bestetatik, ihauteetatik, bestetatik edo dantzetatik baztertuko duten ekitaldirik eta besta programarik».