2001ean sortu zen Ufestuek taldea Erratzun eta abuztuaren 22an, 11. urteurrena ospatzeko kontzertua eskaini zuen herrian, Zubipunta ostatuan. Hasiera hartan Iban Iparragirre (baxua eta koroak), Xabi Ospital (ahotsa eta gitarra) eta Joseba Etxandik (bateria) sortu zuten taldea, eta handik guttira Jose Inazio Etxamendi (gitarra) batu zitzaien. Geroztik, punk musika eskainiz, hainbat emanaldi eskaini dituzte, gehienak Euskal Herrian, baina baita kanpoan ere. Laukotea osatu eta segituan, Mikel Altzuartek egindako hitz batzuekin Nafarroa Hitza Dantzan diskan parte hartu zuten. Handik guttira, beraien lehenbiziko lana kaleratu zuten: Ufestuek. Ondotik Lanari mus eta Judas bat naiz etorri ziren. 2011 hondarrean, berriz, Faxismoaren harra beraien azken lana argitaratu zuten. Azken hau formatu analogikoan egindakoa da, eta gainera, ia desagertua dagoen binilo formatuan, CD batekin batera.