Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea bisitan izan zen Elizondoko bestetan. Bere etorrerak hainbat herritarren protesta eragin zuen. Baina protestarekin bat egin zuten bi baztandarri salaketa ere paratu zion Foru Poliziak, Xabi Ospital eta Itziar Torresi, hain zuzen. Eta bi hauei elkartasuna adieraziz, hainbat herritarrek prentsaurrekoa eskaini zuten Barcinaren bisitaren biharamunean. Prentsaurrekoan erran zutenez, lehendakari izanda, Barcina «Nafarroako Kutxa desagertu izanaren arduraduna da, hezkuntzan edo gizarte zerbitzuetan egindako murrizketen erantzulea; osasungintza pribatura bideratutako dirulaguntzak mantentzen dituen bitartean, osasungintza publikoa suntsitzen ari da; Gobernuak onartzen dituen ERE guztien arduraduna da eta Madrilen onartutako murrizketa neurriak aplikatzearen arduraduna ere bada». Gaineratu zutenez, «Nafarroako herritarrak jasaten ari den egoeraren erantzulea da, eta joaten den tokira joaten dela ere berarekin eraman beharko du ardura hori, baita herritarren artean sortzen ari den haserrea ere». Elizondoko protesta «espontaneoa eta baketsua» izan zela adierazi zuten eta horren adierazle, «hainbat adin, kondizio eta joeratako jendeak» parte hartu zutela. Aldiz, Barcinak «bere kideen laguntzarekin, probokatzaile eta harrotasunez jokatu zuela» salatu zuten: «herritarren kontrako neurri klase guztiak hartzen dituzte eta gainera, poliziez inguratua egoteak ematen dien nagusikeriaz aurpegira irri egiten digute. Logikoa den bezala, guttieneko duintasuna duen edozeinek horrelako egoera batean protesta egiten du». Gainerako herriak «murrizketen eta horien arduradun diren politikari eta gobernarien kontra protesta egitera» deitu zituzten.