Xorroxin irratiak antolatutako behikaka.com zozketa egin zen uztailaren 29an Elizondon laugarrenez. Aurten ere jende andana bildu zen eta Lore, Zagua eta Neke behiak izan ziren protagonistak, Agustin Arraztoa, Jokin Ramirez eta Juan Joxe Iñarrea behizainekin. Dena den, bertzelakoek ere izan zuten zer erranik: Bittor Elizagoien eta Jon Elizetxe bertsolariek, Xabi Ospital soinu teknikariak eta nola ez, behien jarduna komentatu zuten Joseba Otondo eta Julen Zelaieta Xorroxingo esatariek. Bi epaile aritu ziren guztia kontrolatzen, Mikel Altzuart eta Mikel Azkarate, eta teknologia berrien laguntzarekin, guztia gainbegiratzen Juan Mari Aleman amaiurtarra. Lehenbiziko saria Neke behiak banatu behar zuen, baina kaka egiteko gogo gutti eta 20 minutu igaro ondotik, kakarik ez zuela egin eta zozketa egin behar izan zen. 1. lerroa eta 45. zutabea zuen laukitxoari egokitu zitzaion, Baztandarren Biltzarra egunean saldutako boletoari. Bigarren saria Lorek erabaki zuen. Sartu eta segituan egin zituen eginbeharrak 4. lerroan eta 98. zutabeko laukian. Boletoa Erratzuko Bestetan saldu zen. 3. saria Erdiz behiak banatu zuen, sartu eta berehala. 7. lerroa eta 51. zutabea zuen laukitxoa izan zen 3. sariaren irabazlea, Urdazubin saldua. Abuztuaren 29ra bitarteko epea zuten saridunek Xorroxinera agertzeko eta bertzela, ondorengo 15 egunetan ordezko zenbakien jabeek izanen dute saria eskuratzeko aukera. Ordezko zenbakiak hauek dira: 1. saria: lerroa 14-zutabea 34, 2.saria: lerroa 14-zutabea 44; 3.saria: lerroa 4-zutabea 54.