Burricleta zerbitzua udan ailegatu da Oronoz-Mugairira

TTIPI-TTAPA 2012ko irailaren 12a

Burricletak audio gida duen GPSa dauka. Utzitako argazkia

Bizikleta elektrikoen alokairua eskaintzen du

Basartea enpresa­ren ekimenez, Nafarroan­ Bu­rricleta zen­troak ireki dituzte, eta bat Oronoz-Mugairin. Landa, natur edo gas­trono­mi­ako turismoa egiteko era desberdina proposa­tzen ­duen ekimena da, eta men­di­tik ahaleginik egin gabe joate­ko alokatzen den bizikle­ta elektrikoa da. Audio gi­da duen GPSa du, pasatzen den lekuetan inte­resgarria zer den erraten duena. 

Oronoz-Mugairiko zen­­troak zazpi ibilbide proposa­tzen ditu, gus­tu eta zail­tasun desberdinetakoak: Bidasoko bide berdetik igaro­tzen direnak, edo Bertizarana, Male­rreka eta Bortzirietako herrietan barna ibil­tzen direnak, Bertizko Natur Parkea edo gaz­tandegiak eta errotak bisitatzen dituztenak. Ber­tzelako proposamenak ere bil­du dituzte, hala hola, Hendaiara joate­ko aukera bi egunetarako.
 
Esleitu diren obrak
 
Hainbat obra esleitu ditu Tokiko Gobernu Ba­tzordeak uda honetan eta denak eskaintzarik mer­­keenei. Zahar etxean­ egongelako leihoetan pertsianak jartzeko obrak­ Urtxulutegi enpresari esleitu zaizkio 5.371,59 eurotan eta zahar etxean pladu­rrezko pareta altxa­tzeko lana Ti-Tau erreformak-i­ agindu zaio 1.757,67 eurotan. Erra­tzuko eskolan leiho be­rriak jartzeko lanak Ur­txu­­lutegiri esleitu zaizkio 6.506,38 eurotan; Elbeteko frontoian konponketak egiteko lana Pintu­ras y Obras Hnos Sarmineto enpresari esleitu zaio 7.014,73 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun