Ur horniduraren bermea kolokan dago Iruritan eta Lekarozen

TTIPI-TTAPA 2012ko irailaren 12a

Gobernuari lan horietarako dirua bideratzeko eskatu dio Udalak

Lekaroz eta Iruritan herritarren ur horniketa­ren bermea kolokan dagoela jakinarazi zuen Udalak abuztu erdialdera. Egun horietan erabilgarri zegoen ur kopurua nabarmen jaitsi zen eta Lekarozko ur biltegia hustutzear zegoela ikusi zuen Udalak. Egoe­raren aitzinean, Lekarozko biletegia zisternen bidez hornitzearen beharra nabarmendu zuen.

Udalak oroitarazi duenez, 2008-2012 urtetako tokiko azpiegitura planean Irurita-Lekarozko uraren arazoari konponbidea bilatzeko proiektuaren bigarren fasea gauzatzea aurreikusia zegoen eta «lan hauek ez dira burutu Nafarroako Gobernuak erra­ten duelakoz ez daukala berari dagokiona ordaintzeko dirurik».
Egoeraren larritasunaren aitzinean, eta he­rritarren oinarrizko eskubideak bermatzen ez direla ikusita, Nafarroako Gobernuari lehenbailehen Irurita-Lekarozko ur horniketa bermatzeko egin behar diren lanak egiteko dirua bideratu dezala eskatu dio Udalak. 
Bertze aldetik, Lekarozko eta Iruritako he­rritarrei eskatu die bandoaren bitartez iragarri diren neurriak bete di­tzaten eta ur erabilera arduratsua egin dezate­la egoera okerrera joan ez dadin.
 
Bandoa
Ur eskasia dela eta, Lekaroz eta Iruritako herrietan zenbait neurri­ hartu behar izan ditu  Udalak. Tartean, ura kenduko da 00:00­etatik 07:00etara.
Horrez gain, debeka­tu egin du lorategiak eta baratzeak urezta­tzea, igerilekuak bete­tzea, ibilgailuak garbi­tzea eta etxeko giza kontsumorako ez den bertze edozein erabilera. Herrita­rren laguntza eskatu du Udalak, «kontsumo arduratsua eginez, ura alferrik erabili gabe, egoera konpondu arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun