Herriz-herriko bestak aitzinera doaz eta Elbeteko Gurutze Sainduen besten txanda ere ailegatu da. Irailaren 13an, ortzegun arratsaldeko 18:00etan botako den txupinazoarekin eta ezkil-jotzearekin abiatuko dira Elbeteko Gurutze Sainduaren bestak. Gero japoniar bonbak botako dira. 21:00etan Baztan Zopak banatuko dira Frantziskoren animazioarekin. Gauerdian txopo goratzea eginen da eta ondotik dantzaldia Frantziskorekin.
Gurutze Sainduaren eguna ortziralean
Irailaren 14an, ortziralean, Gurutze Sainduaren Eguna ospatuko dute Elbeten. 09:00etan argisoinuak joko dira. 11:30ean Meza Nagusia. Ondotik Elbeteko Mutildantza taldearen erakustaldia eta luntxa. 19:00etan futbito lehiaketan ariko dira helduak gazteen kontra. Gero tortilla lehiaketa jokatuko da. 20:30etik 23:30era dantzaldia izanen da Fidelek alaituta. 00:30ean kontzertuak: Su Etena, Barniz por la nariz eta talde sorpresa batekin.
Zikiro eguna larunbatean
Irailaren 15ean, larunbatean, Zikiro Eguna ospatuko dute. 09:00etan argisoinuak joko dituzte. 14:00etan zikiro-katerin, Maialen eta Maialen bertsolariekin. Txartelak 30 eurotan Elbeteko ostatuan eta Elizondoko Karrika ostatuan daude salgai. Ondotik Elbeteko Mutildantza taldearen erakustaldia izanen da eta gero zinger-jatea. 20:00etatik 22:00etara eta 00:00etatik 04:00etara dantzaldia izanen da eta 04:00etatik 07:00etara Tirri &Tery.
Haurraren Eguna igandean
Irailaren 16an, igandean, Haurraren Eguna ospatuko dute. 09:00etan argisoinuak. 11:00etan txutxulandia. 14:00etan haurren bazkaria. Elbeteko ostatuan eman behar da izena. Ondotik txutxulandia eta mus eta partxis txapelketak jokatuko dira. 18:00etan Baztango dantzari ttikien saioa. Ondotik txokolatada eta japoniar bonbak. Arratsean, zinger-jatea. 19:30etik 21:30era dantzaldia izanen da Fidelek alaituta eta gauerdian zozketa.
Astelehenean herri bazkaria
Irailaren 17an, asteleheneko Herriaren Egunarekin akituko dira Gurutze Sainduaren bestak Elbeten. Beti bezala, herri bazkaria eginen da Karrikatxarren, Fidelekin.