2001. urtean sortu zen Ufestuek taldea Erratzun eta gaur, abuztuak 22, 11. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko du herrian berean, Zubipunta ostatuan 22:30etik aitzinera.
Hasiera hartan Iban Iparragirre (baxua eta koroak), Xabi Ospital (ahotsa eta gitarra) eta Joseba Etxandik (bateria) sortu zuten taldea, eta handi guttira Jose Inazio Etxamendi (gitarra) batu zitzaion taldeari. Geroztik, punk musika eskainiz, hainbat eta hainbat emanaldi eskaini dituzte, gehienak Euskal Herrian, baina baita kanpoan ere.
Laukotea osatu eta segituan, Mikel Altzuartek egindako hitz batzuekin Nafarroa Hitza Dantzan diskan parte hartu zuten. Handik guttira, beraien lehenbiziko lana kaleratu zuten: Ufestuek. Ondotik Lanari mus eta Judas bat naiz etorri ziren. 2011 hondarrean, berriz, Faxismoaren harra orain arteko beraien azken lana argitaratu zuten. Azken hau formatu analogikoan egindako lana da, eta gainera, ia desagertua dagoen binilo formatuan atera zuten, CD batekin batera.