Iñaki Erro preso elizondarrak 25 urte daramatza kartzelan. Zigor osoa 2010eko maiatzean bete bazuen ere, 197/2006 Doktrina ezarri eta 2017ra arte luzatua diote kartzela. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoen artean dago, kardiopatia baten ondorioz. Herrira mugimenduak jakinarazi duenez, bere amaren gaixotasun larria zela tarteko, Iruñeko kartzelan egon da, baina ama joan den ortziralean hil zitzaion eta berriz urrundu dutela salatu du Herrirak. «Printzipioz lehendik zegoen Almeriako kartzelara» eraman dutela erran du presoen aldeko mugimenduak, nahiz eta ez duen oraindik baieztatu.
Herrirak «PPk hartu duen erabakia oso larria dela» adierazi du eta bide batez, jakinarazi du, «azken egunetan ugari izan direla Erro ez urrundu eta libre uzteko tramiteak has daitezen eskatu duten ahotsak, baina Gobernuak preso honen eskubideak behin eta berriz zanpatzea erabaki du». Bakearen aldeko indarrak biltzeko deia egin du Herrirak, «PPren gerra-politikak salatzeko urgentziazko mobilizazio orokor baten bidez».