Loizu hiltegia arautegiaren eskakizunetarat egokitzeko hainbat lan egin ditu azken hilabeteetan Udalak: azienden sarbidea hobetzeko alaka edo txaflana egin da pareta batean, heia berriaren eta bertze lanen proiektua idazteko ingeniaria kontratatu, ur araztegian saria paratu, azpiak eta gisakoak biltzeko ongarriendako lehorpea egin, hil aitzinetik zorabiatzeko tresneria berritu, azienda ttikiak hiltzeko ataka berezia egin, heian urkazpenak paratu...
Behin obra horiek eginda, orain, berriz, etorkizunean egin daitezkeen proiektuetaz hitz egin nahi du Udalak, bertzeak bertze, aspalditik mahai gainean dagoen despieze gela bat egiteko aukera eztabaidatuz. Horiek eta bertzelako gaiak landuko dituzte Udaleko Nekazaritza Batzordeak asteazkenerako deitu duen bilera irekian. Bilera asteazkenean, abuztuak 22, 20:00etan eginen da udaletxeko batzar gelan.