Azkenengo hilabetetan iragartzen aritu den bezala, Lekaroz eta Iruritan herritarren ur horniketaren bermea kolokan dagoela jakinarazi du Baztango Udalak. Azkenengo egun hauetan erabilgarri dagoen ur kopurua nabarmen jaitsi da eta Lekarozko ur biltegia hustutzear dago. Egoera honen aitzinean, Baztango Udalak zisternen bidez hornitu beharko du urez Lekarozko biltegia.
Baztango Udalak oroitarazi nahi du 2008-2012 urtetako tokiko azpiegitura planean Irurita-Lekarozko uraren arazoari konponbidea bilatzeko proiektuaren bigarren fasea gauzatzea aurreikusia zegoela eta lan hauek ez direla burutu Nafarroako Gobernuak erraten duelakoz ez daukala berari dagokiona ordaintzeko dirurik.
Egoeraren larritasunaren aitzinean, eta herritarren oinarrizko eskubideak bermatzen ez direla ikusita, Nafarroako Gobernuari lehenbailehen Irurita-Lekarozko ur horniketa bermatzeko egin behar diren lanak egiteko dirua bideratu dezala eskatu dio Baztan Balleko Etxeak. Bertze aldetik, Lekarozko eta Iruritako herritarrei eskatu nahi dien bandoaren bitartez iragarri diren neurriak betetzea eta ur erabilera arduratsua egitea egoera okerrera joan ez dadin.
Bandoa
Ur eskasia dela eta, Lekaroz eta Iruritako herrietan zenbait neurri hartu behar izan ditu Baztan Balleko Udalak. Tartean, ur mozketak eginen dira 00:00etatik 07:00ak arte.
Horretaz gain, debekatu egin du lorategiak eta baratzeak ureztatzea, igerilekuak betetzea, ibilgailuak garbitzea, eta etxeko giza kontsumorako ez den bertze edozein erabilera.
Baztango Udalak herritarren laguntza eskatu du, «kontsumo arduratsua eginez, ura alferrik erabili gabe, egoera konpondu arte».