Elizondoko Bertan merkartarien elkarteak antolatuta Bertan Eguna ospatu zen abuztuaren 4an. Goizean, postuak Jaime Urrutia karrikan paratu zituzten merkatariek eta horretaz gain, Etxaideko talogileak izan ziren plazan. Foruen plazan, artisauen eta laugarren argazki lehiaketako argazkien erakusketa paratu ziren.
Baztan, Igantzi, Etxalar, Sunbilla, Urdazubi eta Zugarramurdiko dantzari ttikiak karrikaz karrika ibili ziren goizean eta eguerdian emanaldia eskaini zuten Foruen Plazan.
Arratsaldean, Elizondoko erraldoien konpartsa ibili zen Jaime Urrutia karrikatik eta Bertan elkarteak laugarren urtez antolatutako argazki lehiaketako sari banaketa egin zen Foruen Plazan. Aurtengoan, Baztango ohitura, jendeak eta bestei buruzko irudiak hartu behar zituzten argazkilariek eta guzira 55 lan aurkeztu dira. Horien artean, Maria Torres Ustarizek eskuratu zuen lehen saria (400 euroko balea), Edurne Biguria Huartek bigarrena (200 euroko balea) eta Mikel Sagastibeltzak hirugarrena (100 euroko balea).
Bertan elkarteko ostatuek pintxo-potea eskaini zuten eta Elbeteko Posadan, Futbolin ostatuan, Kasinon, Txokoton eta Fransenen, potearekin batera pintxoa ere izan zuten bezeroek.