Xorroxin irratiak antolatutako behikaka.com (4) zozketa burutu zen uztailaren 29an Elizondon, Xorroxin irratiaren egoitza pareko belaian. Aurten ere jende andana bildu zen zozketarekin gozatzera. Lore, Zagua eta Neke behiak ziren protagonistak, Agustin Arraztoa, Jokin Ramirez eta Juan Joxe Iñarrea behizainekin.
Dena den bertzelakoek ere izan zuten zer erranik, Bittor Elizagoien eta Jon Elizetxe bertsolariek, Xabi Ospital soinu teknikariak eta nola ez, behien jarduna komentatzen ari ziren Joseba Otondo eta Julen Zelaieta, Xorroxingo bi esatariek. Denek ere behiek beren lana egiten zuten bitartean, arratsaldea alaitu zuten,. 2 epaile aritu ziren guztia kontrolatzen, Mikel Altzuart eta Mikel Azkarate, eta teknologia berrien laguntzarekin, guztia gainbegiratzen, Juan Mari Aleman amaiurtarra.
1.saria Neke Behiak banatu behar zuen zuen baina kaka egiteko gogo gutti eta 20 minutu zain igaro ondotik, kakarik ez zuela egin eta zozketa egin behar izan zen. Zenbaki sariduna: 1.saria, 1. lerroa eta 45. zutabea zuen laukitxoari egokitu zaio. Aipaturiko boletoa Baztandarren Biltzarra egunean erosi zen.
2. saria Lore behiak erabaki zuen. Sartu eta segituan egin zituen bere eginbeharrak. Bere kaka 4. lerroan eta 98. zutabean zegoen laukitxoan utzi zuen eta beraz laukitxo horren jabearentzat izanen zen bigarren saria. Boletoa Erratzuko Bestetan saldu zen.
Azkenik, 3. saria Erdiz behiak banatu zuen. Erdizek ere Lorek bezala, sartu bezain pronto egin zituen lanak. Erdizen kakari esker, 7. lerroa eta 51. zutabea duen laukitxoa izan da 3. sariaren irabazlea. 3.sariko boleto hau Urdazubin saldu zen.
Igandean saridunik ez zen agertu baina sarituek hilabete izanen dute agertzeko, beraz abuztuaren 29a bitartean agertu beharko dute Xorroxinera.
Lehen aipatutako zenbaki hoiez gain ordezko zenbakiak ere atera ziren. Hilabete baten buruan saridunik ez bada agertzen, ondorengo 15 egunetan ordezko zenbakien jabeak izanen du saria eskuratzeko aukera. Ordezko zenbakiak hauek dira:
1. saria: lerroa 14-zutabea 34
2.saria: lerroa 14-zutabea 44
3.saria: lerroa 4-zutabea 54
Giro ederra bizi izan zen arratsalde partean eta bertze urte batez jendeak fin erantzun zuen.
Gainera zozketa nagusiez gain, tragoen truke zenbakiak banatu eta hainbat zozketa burutu ziren; Donostiako Aquarium-eko sarrerak, Lur-Lan produktu lote bat eta Txarandakak emandako produktuak. Xorroxin irratiak zuzenean eskaini zuen zozketa.
Bertzalde, eta akitzeko, Xorroxin Irratia kontent dago egindakoarekin, eta gehienbat jendearengandik jasotako laguntza eta babesarengatik.