Baztandarren Biltzarraren 49. edizioa burutu zen igandean Elizondon. Hamabortz herrietako orgak karrikaratu ziren, 21 denera, eta horien artean, Elbeteko “Ezkila ebastea” izan zen irabazle. 500 euroko saria eskuratu zuen. 300 euroko bigarren saria Elizondoko Aise taldeko Coche Sanchez kotxerarendako izan zen eta hirugarren saria, 250 euro, Iruritak eskuratu zuen, “Iruritako okinek” orgarekin.
Baina karroza horietaz aparte, aixturrak nonahi agertu ziren, errekorte politika salatuz eta Nafarroako konkistaren 500 urteurrena ere aipatu ziren orga gehienetan. Desfilea irekiz, Iturengo joaldunen gibeletik, Mirentxu Goienetxek, Jose Mari Iriartek eta Miren Garmendiak eraman zituzten ikurriña, balleko bandera eta Nafarroakoa.
Amaiurrek “kantatzen duen herria ez da inoiz hilko” gogoratu zuen, konkistaren bosgarren mendeurrenarekin batera. Almandozkoak Venta Quemada irudikatu zuen; Zigakoak, 1780an Basaburuko baserritarrek tratanteekin izan zituzten gorabeherak; Elizondoko Beti Zurrutak taldeak belar moztea antzeztu zuen; Iruritak, erran bezala, 1860ko Muru-Urtasun okindegia; Elizondoko Aise taldeak, Doneztebe eta Irun lotzen zituen diligentzia, Coche Sanchez; Lekaroz igerileku gabe gelditu dela uda honetan eta haurrak errekara bidali zituzten, mangito eta flotadoreekin; Erratzuk ere, krisiari aurre egiteko, laminez betetako Xorroxinera gateko turistei kobratzea proposatu zuen; herri ekimenaren karrozak presoen hurbilketa eskatu zuen…
Foruen Plazan dantzatutako Mutildantza, 1.800 bazkaltiar hartu zituen bazkaria eta arratseko dantzaldiarekin akitu zen Baztandarren Biltzarra. Gero gerokoak.