Txinga eramaten Euskal Herriko marka hobetu du berriz ere Xanta Souza lesakarrak

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 30a

Fernando Etxegarai koxkor biltzen Nafarroako txapeldun izan da berriz ere Elizondon

Uztailaren 28an erabaki ziren Elizondon Nafarroako gizonezkoen koxkor biltze txapelketa, Euskal Herriko emakumezkoen txinga eramate txapelketa eta Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako finala. Hiruetan ere eskualdeko kirolariak suertatu dira txapeldun: Eneko Saralegi leitzarra aizkoran, Fernando Etxegarai beratarra koxkor biltzen eta Xanta Souza txinga eramaten. Lesakarrak, gainera, Euskal Herriko marka hobetu zuen berriz ere.

Uztailaren 28an erabaki ziren Elizondon Nafarroako gizonezkoen koxkor biltze txapelketa, Euskal Herriko emakumezkoen txinga eramate txapelketa eta Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako finala. Hiruetan ere eskualdeko kirolariak suertatu dira txapeldun: Eneko Saralegi leitzarra aizkoran, Fernando Etxegarai beratarra koxkor biltzen eta Xanta Souza txinga eramaten. Lesakarrak, gainera, Euskal Herriko marka hobetu zuen berriz ere.

Duela aste batzuk Iruñean, txinga eramaten Euskal Herriko marka berria ezarri zuen Xanta Souzak, 45 plazarekin, lehendik Esther Iriarte narbartearrak zuen errekorra hobetuz. Elizondon, bi plaza terdi gehiago egin zituen: 47 plaza terdi pasatxo egin zituen, 1.335,17 metro esku banatan 25 kiloko txingak zituela. Oronozko Amaia Elizagoien izan zen azpitxapeldun, 15 plaza eta 3 metrorekin eta Lesakako Estitxu Almandoz hirugarren, 13 plaza eta laurden baino gehixeagorekin.

Nafarroako koxkor biltze txapelketaroi dagokionez, berriz ere Fernando Etxegarai beratarra suertatu da txapeldun, 6 minutu, 14 segundu eta 86 zentesimako denborarekin. Patxi Irazoki igantziarra bigarren izan da (6:18.39), Iñaki Telletxea elizondarra hirugarren (6:30.01), Berriozarko Eder Goldarazena laugarren (6:36.81) eta Burlatako Igor Urtasun bosgarren (7:17.57).

Honela, Fernando Etxegarai eta Patxi Irazokik irailaren 1ean Donostian jokatuko den Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan parte hartzeko txartela lortu dute. Gainera, Etxegaraik Nafarroa ordezkatuko du irailaren 8an Algorta-Getxon (Bizkaia) jokatuko den Euskal Herrialdeen arteko txapelketan.

 

Eneko Saralegi txapeldun

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako finala ere jokatu zen Elizondoko jaialdian eta Eneko Saralegi leitzarra hasieratik bukaerara nagusitu zen. 8 minutu eta 59 segundu behar izan zituen bi 45 ontzako eta bi kanaerdikoak mozteko. Angel Eraso izan zen bigarrena, 26 segundu eskasera (10:25) eta biak bigarren mailan arituko dira heldu den urtean. Aritz Goñi izan zen hirugarren (11:51), Zigako Joxean Etxeberria laugarren (12:39) eta Beintza-Labaiengo Martin Telletxea bosgarren (12:57).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun