Baztan-Bidasoaldeko hezkuntza komunitateko eragileek deituta, manifestazio jendetsua egin zen ekainaren 23an Elizondon. Etorkizunaren alde, neurri murriztatzailerik ez! lemapean, 500 bat lagun bildu ziren. Gure inguruko gizarte eragileen 140 atxikimendu baino gehiago jaso zituen mobilizazio honek. Manifestazioaren ondotik, irakurritako adierazpenean aipatu zutenez, Espainiako Gobernuak funtzio publikoaren inguruan hartu berri dituen neurrien aitzinean, bere desadostasuna adierazi nahi izan du hezkuntza komunitateak, «kalitateko zerbitzu publikoak ez dira bermatuko klaseko ratioak haundituz, osasun etxe txikietako zerbitzuak arriskuan jarriz, ezta bestelako neurri kaltegarriak aplikatuta ere». Orain arte Nafarroan etorkizunaren zutabe izan diren eta gizarte ongizatearen berme diren zerbitzu publikoak mantentzea ere aldarrikatu zuten eta horregatik eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, «Nafarroak dituen eskumenetan oinarriturik, ez ditzala indarrean jarri gobernu zentraletik hartutako erabakiak». Adierazpena akitzeko, «gure etorkizuna eta gizartearen ongizatea jokoan daudelako kalitatezko zerbitzu publikoak zaindu behar ditugu», erran zuten hezkuntza komunitateko eledunek.