Hiltegia arautegirat moldatzeko 17.000 euro bideratuko ditu oraingoz Udalak

TTIPI-TTAPA 2012ko uztailaren 13a

Orain arte hiltegiak jaso dituen isunak saihestu nahi dira moldaketa lanekin

 Aitzineko Udalak Loizu hiltegiaren kudeaketa berria esleitu zuen agin­taldi hondarrean. Eta oraingo Udalak, hiltegia arautegiaren eska­kizune­tarat egokitzeko hainbat lan egin ditu. Oraingoz 17.000 euro bideratuko direla jakinarazi du Jon Elize­txe zinegotziak. 

Egin beharreko lanak zehazteko Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoaren Ins­titutua­re­kin bildu dira udal ordez­kariak eta hala, hasteko, azienden sarbidea hobe­tzeko alaka edo txa­fla­na­ egin da pareta batean. Gisa berean, heia berriaren proiektua eta bertze­lako lanen proiektua idaz­teko Udalak 1.500 eurotan ingeniaria kontratatu du.
Bertzalde, ur-araztegian sarea jarriko da, hegaztiek hiltegitik atera­tzen diren haragi hondarrak jan ez ditzaten. Gainerakoan, animalien tripetako kakak eta azien­dak kamioietan eramaten direnean ekartzen dituzten azpiak eta gisakoak biltzeko ongarriendako lehorpea eginen da.
 
Aziendak hil ai­tzi­nean­ zorabiatzeko erabiltzen den tresneria ere berritu­ko da 2.500 eurotan eta azienda ttikiak hiltzeko (zerriak, ardiak eta bildotsak) ataka berezia eginen da, 3.000 eurotan. Heian ur-kazpelak ere pa­ratuko dira, animalien ongizate­ sailetik hala eskatu dutelako.
 
Moldaketa hauekin  hil­tegia arautegirat moldatu bidenabar, «orain artio jasotzen zituen isunak saihestu nahi dira», azaldu digu Elizetxek. «Ondotik, hiltegiaren gainean, lehen sektorea egituratzeko proiektu publiko enpresarial bat egiteko pausuak emanen dira»­.
 
HILTEGIAREN INGURUKO FOROA
Hiltegiaren inguruan eztabaidatzeko foro bat osatzea proposatu du Nekazaritza Batzor­deak eta ekaineko aktan ageri denez, foro hori abuztuaren 8an eginen da, 20:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun