Bere bigarren buletina kaleratu du Gobernu Taldeak

TTIPI-TTAPA 2012ko uztailaren 13a

Bide batez, udaleko ateak zabalik daudela adierazi du

 Udal Gobernua osatu eta urtebetera balorazioa egin zuten ekainean­ Udal Gobernu Taldeko ordezkariek pren­tsau­rre­koan. Biga­rren boletina ere kalera­tu dute xeheta­sun gehiagorekin­.

Batetik, aurrekontuak ditu hizpide. 2012rako 8.462.631 euroko au­rre­kontua onartu du: «iaz­koa baino %4,7 handiagoa bada ere –ai­tzineko agintaldian inber­tsioe­ta­rako utzitako diruagatik–, murriz­keta gogo­rrak izan dira». Aurtengo aurrekontua egiterakoan, bi baldin­tza nagusi izan direla dio: «Nafarroako Gobernuaren bidegabeko moz­ke­tak eta Udalaren 8.348.607,56 milioi euroko zorra». Gobernuak gastu arrunterako udalari egin behar zion transfe­rentzia 54.604 eurotan guttitu duela adierazi du, eta Udalak bere gain hartu behar izan duela gastua. Gisa berean, langile-fun­tziona­rioen soldatak izoz­teko erabakia gehitu du. Ber­tzetik, Udalak ­duen zorra­ dela eta, Udalak inber­tsioak egiteko maile­gurik ezin duela eskatu go­go­ratu du. Aitzitik, gastu arrunta be­rrantolatuta,  134.630 euro aurreztu direla dio Udal Gobernuak, eta horrek zerbitzu sozialak indar­tzeko baliabide ekonomi­koak lor­tzea ahal­bidetu duela. Hala ere, gastu arrun­­tean 97.245 euro mu­rriztu omen dira. 

Trabaturik dauden inbertsioez ere badihardu, lehentasunenen arabera inbertsioak berrantolatu direla kontatuz: «premiagatik uholdeen kalteak konpontzeko lanak onartu dira eta behar soziala­gatik herrietarat ura eraman ahal izatea eta pista batzuen moldaketa». Gaineratu du, «Udalak inbertsioak modu errealistan berrantolatu eta gero dauden sos pizarrekin lehentasuna dutenak egiteko, Nafarroako Gobernuaren kudeaketa ezin txarragoagatik ez duela lan horiek egiteko lagun­tzarik jasoko». 

Piriniar arrazako behien feriaz ere ari da Gobernu Taldea, iazkoak 47.000 euroko gastua era­gin zuela erranez. Kontuak oraino zuritu gabe dau­dela dio: «Aspina eta ba­bes­le gehienek beren partea­ren handiskoena ordaindu badute ere (3.700 euro falta oraino), Nafarroako Gobernuak ez du bere zatia­ (15.250 euro) ordaindu. Gai­nera, Amaiur­ko abuz­tuko ardien feriako 3.675 euroak ere pagatu gabe ditu. Orain­goz, diru hori Udalak jarri behar izan du». Gisa berean, 2012ko au­rrekontuetan feriak egiteko diru kopurua iazko 50.000 euroetatik aurtengo 25.000tarat jautsi duela azaldu du, eta aurtengo 25.000 euro horiek iaz agindutako dirulaguntza ordain­tzeko erabiliko dituela. Feriak­ ez egitekotan, ardura Gobernuarena dela azpimarratu du.

Herrietako lan ttipiak aldizkatuz egiten ari dire­la ere ageri da buletinean­: bide eta karriken mantenimendua, harri-lubetak, mendi lanak... Udal be­rriarekin gisa horretako 22 lan egin omen dira.

Nafarroako Gobernuaren murrizketak tarte­ko, Elizondoko Frantzisko Jabier ikastetxeko lanetara Udalak ekarpen ekonomiko haundiagoa egin behar izan duela ere ageri da buletinean, baita Udal Plana idaz­teko prozesu parte har­tza­i­lea ere. Hiltegia arautegira moldatzeko lanak ere aipatu ditu, eta kultur jarduerak diruz laguntzeko eskabide bakarra aurkez­tu behar dela oroitarazi du, eta laguntzak eska­tze­ko epea urte osoan irekia egonen dela.  

Hirigintzako arau haus­­­­teengatik ere oharta­razi du. Etxean zernahi lan egin behar dela ere, bai­mena behar dela dio,  eta bai­mena jaso arte ezin dela lanekin hasi, horrek isunak eta espediente irekiera ekartzen ahal dituelako. Udalak, mahai gainerat etorri zaizkion espedienteak tramitatuko ditu, eta legea betearazi eta arau-haus­teak jarrai­tzeko protokolo bat eginen duela iragarri du

Giltxaurdi enpresa publiko batek kudeatzeko apustuaz ere mintzo da, eta osasun zerbi­tzuak­ murrizteko Gobernuaren asmoa ere kritikatu du. 

Karriken garbiketa antolatu duela ere azaldu du Gobernu Taldeak: Elizondon hilabeteko lehen eta hiru­garren astele­hen eta astearteetan kenduko dira kartel eta pan­kar­tak eta hirugarren asteko astele­hen edo as­tear­tean mangera pasako da. Bertze herrietan hilabeteko lehen astean kendu­ko dituzte kartelak.

 

 

UDAL BOLETINA

«Udal Gobernuak bere lehenbiziko urtea betetezar dagoen honetan, baztandar guztiak ahal bezain informaturik egon daitezen lanean jarraitzen du. Horregatik, gure bigarren Udal Boletina aurkezten dizuegu»

 

 

Udal Gobernu Taldea

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun