Eguneroko jarduerei loturiko ariketa fisikoa gero eta guttiagotan egiten da, leku gehienetara kotxez joan ohi delako jendea edota haurrak eskolara kotxez eramaten dituelako. Horrek osasunean eragiten du eta horri erantzutera dator Eskolara oinez, doike! kanpaina.
Eskolara oinez edo bizikletaz joateko kanpaina Amaiurren eta Oronoz-Mugairin paratu nahi da martxan heldu den ikasturtean. 2009an Elizondon abiatu zen kanpaina eta joan den ikasturtean, Arraioz, Arizkun, Erratzu eta Iruritan landu da. Irail hasieran, berriz, Oronoz-Mugairi eta Amaiur gehituko zaizkio ekimenari. Horretarako, ikasturte hasieran inkestak banatuko dira eskoletako familien artean. Gisa berean, eskolan tailerrak eginen eta gurasoei bilera batera deituko zaie. Urrirako eskolara oinez joateko kanpaina martxan egotea aurreikusi da.
Haurrak eskolara oinez eta bizikletaz modu autonomo batez joatea errazten eta bultzatzen duen ibilbide segurua da Eskolako Bidea eta bide hori seguruagoa, osasuntsuagoa, atseginagoa eta erakargarria egin nahi da, umeak oinez eta bizikletaz joateko aukera eduki dezaten.