Espainiako Audientzia Nazionalak Udalbiltza auziko kideak absolbitu zituenetik urte eta erdi pasatu denean, Udalbiltza berrantolatzeko asmoak aitzinera segitzen du. Martxoaren 31n jatorri politiko anitza duten Euskal Herriko zazpi herrialdetako 26 alkate zein zinegotzik egin zuten berrantolatzeko proposamena, Aitor Etxarri eta Imanol Artola, Leitza eta Arantzako zinegotziak tartean zirela. Eta atxikimendu kanpainarekin segitzen dute.
Eskualdeko hainbat hautetsik egin du bat ekimen honekin: Bildu, NaBai 2011 edota independenteek, erraterako. Horretarako deia ere egin zuten zenbait hautetsik joan den hilabetean Amaiurko gazteluaren oroitarrian egindako agerraldian, «proiektu honetan sinisten badute bederen, beraien izena eman dezaten» gonbidatuz.
Ekainaren 30ean, berriz, Udalbiltza berrantolatzeko deia egiteaz gain, Udalbiltza berriaren oinarriak jarriko dituen talde eragilea osatu zuten Iruñean. Oraingoz, hamazazpi lagunek osatzen dute taldea eta tartean daude Maite Iturre Baztango zinegotzia, Oier Eizmendi Leitzako alkatea eta Ur Algero Aresoko alkatea. Atxikimendua eman dutenak, berriz, 1.100 hautetsi dira. Internetez egin daiteke.