Errekurtso guti duen jendeari ilea apaintzeko aukera emanen dio Elizondoko Jaimerena ileapaindegiak

TTIPI TTAPA 2012ko uzt. 5a, 11:01

Hilabeteko lehen asteartetan, arratseko 20:00etatik 22:00etara doan hartuko dute errekurtso gutien duen jendea Elizondoko Jaimerena ileapaindegian. Juan Mari Ondikol

Bidelagun elkarteak bideratuko ditu “bezeroak” hilabeteko lehen asteartetan

Bidelagun elkartearen bidez Elizondoko Jaimerena ileapaindegian eginen duten kanpainaren berri eman zuten uztailaren 3an. Lan orduetatik kanpo eta doan, errekurtso guttien duen jendeari ilea mozteko eta apaintzeko aukera emanen diote, hilabeteko lehenbiziko astearteetan.

Bidelagun elkartearen bidez Elizondoko Jaimerena ileapaindegian eginen duten kanpainaren berri eman zuten uztailaren 3an. Lan orduetatik kanpo eta doan, errekurtso guttien duen jendeari ilea mozteko eta apaintzeko aukera emanen diote, hilabeteko lehenbiziko astearteetan.

Mikel Jaimerena pelukeroak erran digunez, «hainbertze urtez hemengo jendeari esker bizitzen ari gara eta okurritu zitzaigun zerbait egiten ahal genuela hori konpentsatzeko, gaur egun bizi dugun momentu txarra dela eta gaizki pasatzen ari den jendea laguntzen ahal genuela eta Bidelagun elkartearekin solastu eta adostu genuen kanpaina hau abiatzea. Azkenean, hilabetean egun bat beraiendako lanean arituko gara, lan ordu normalak akitu eta pare bat orduz, doan».

Pertsona hauek ileapaindegiko zerbitzu guztiak eskura izanen dituztela garbi utzi nahi du Jaimerenak: «Bertze edozein bezero bezala hartuko ditugu eta nahi duten hura eginen diegu. Normalean 20:00etan ixten dugu, baina ordu horretatik aitzinera datorren jendea hartuko dugu. Nahi duenak ilea moztu, moztuko diogu; kolorea eman nahi duenak kolorea eman, orraztu… Beraientzako ere, momentu txar hori arintzeko eta pittat alaitzeko modua izaten ahal da ileapaindegitik guapo-guapo ateratzea. Bidelagun elkartearen bidez bideratuko dute jendea. Guk bi orduz lau gizon eta bizpahiru emakume hartzen ahal ditugula erran genien eta eurek bideratuko dute jendea».

Mikel Jaimerenarentzat elkartasuna adierazteko modu bat da eskaintza hau, «guretako laguntza emateko modu bat da, zerbait emozionala, laguntza emanez ongi sentitu nahi dugu. Hilabetean bi ordu gehiago aritzea bertzerik ez da guretako eta horrekin laguntzen ahal badugu eta jendea pixko bat alaitsuago ikusi, satisfakzione bat da», jakinarazi digu.

Mikel Jaimerenarekin batera, Maite Jaimerena arreba eta Haizea Errandonea aritzen dira ileapaindegian lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun