Sanferminekin batera, Azpilkuetak hartuko du besten lekukoa eta aurten ere lau eguneko bestak prestatu dituzte, uztailaren 6tik 9ra.
Uztailaren 6an, ortziraleko bezpera egunean, arratsaldeko 19:00etan txupinazoa botako da. 19:30ean frontenis txapelketako final nagusia jokatuko da eta ondotik sari banaketa eginen da. 21:00etan ezkil jotzea eginen da eta 21:30ean Baztan Zopak banatuko dira. Ondotik, dantzaldia izanen da Joxe Anjelek alaituta.
San Fermin eta Haurren Eguna igandean
Uztailaren 7an, larunbatean, San Fermin egunaz gain, Haurren Eguna ere izanen dute Azpilkuetan. 11:00etan Meza Nagusia izanen dute San Andres elizan. 12:00etan luntxa elkartean. 16:30ean mus txapelketa jokatuko da elkartean. 17:30ean haurrendako puzgarri eta sorpresak izanen dira. 18:00etan txokolatada. Ondotik, dantzaldia izanen da Frantziskorekin. 22:00etan patata tortilla txapelketa eta herri afaria eginen dira. Gauez, dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin eta goizaldera gosaria eginen da.
Gazte Eguna igandean
Uztailaren 8an, igandean, Gazte Eguna ospatuko da. 12:00etan plater tiroketa eginen da. 14:00etan gazteen bazkaria. 16:30ean partxis txapelketa jokatuko da. 20:30ean dantzaldia izanen da Los Tenampas mariatxiekin.
Zikiro Eguna astelehenean
Uztailaren 9an, astelehenearekin akituko dira Azpilkuetako Sanferminak, baina aitzinetik, egun osoan, Zikiro Eguna izanen dute. 08:00etan sua piztuko dute eta zikiroa jan nahi bada nahitaezkoa den ekitaldi horren ondotik, 09:00etan gosaria izanen da herriko elkartean. 14:00etan zikiro jatea eginen da Bankako kantariekin. Arratsaldean, dantzaldia Frantziskok alaituta. 22:00etan afaria eginen da eta ondotik, dantzaldia Frantziskorekin. Goiz aldera Gaixoa Ni kantatuz akituko dira Azpilkuetako Sanferminak.