Elizondorako bidean da Transpyr 2012 mendi bizikleta zeharkaldia

TTIPI TTAPA 2012ko uztailaren 2a

Juan Miguel Eraso eta Agustin Ariztia baztandarrak Rosesen, Transpyreko irteeran. Ortziralean Elizondora ailegatuko dira, bertze 220 txirrindulari baino gehiagorekin. Utzitako argazkia

Juan Miguel Eraso eta Agustin Ariztia baztandarrek parte hartzen ari dira Mediterraneo eta Kantauri itsasoak lotzen dituen mendi txirrindularitza proban

Mediterraneo eta Kantauri itsasoak lotzen dituen Transpyr-Travesía Dos Mares 2012 mendi txirrindularitza proba gogorra ekainaren 30ean abiatu zen Rosesen (Girona) eta uztailaren 6an helduko da Elizondora. Pirinioak gurutzatzen ditu BTT proba honek, Kataluniako Roses-en hasi eta Donostira bitartean eta nazioarteko aldizkari entzutetsuenen arabera, munduko probarik gogorrenetakoa izanen da.

Mediterraneo eta Kantauri itsasoak lotzen dituen Transpyr-Travesía Dos Mares 2012 mendi txirrindularitza proba gogorra ekainaren 30ean abiatu zen Rosesen (Girona) eta uztailaren 6an helduko da Elizondora. Pirinioak gurutzatzen ditu BTT proba honek, Kataluniako Roses-en hasi eta Donostira bitartean eta nazioarteko aldizkari entzutetsuenen arabera, munduko probarik gogorrenetakoa izanen da.

15 herrialdetako 220 abenturazalek parte hartzen ari dira aurtengo edizioan. Baztango bi ordezkari ere izanen ditu proba honek, Club Ciclista Baztandarraren izenean ariko diren Oronoz Mugairiko Juan Miguel Eraso eta Amaiurko Agustin Ariztia. Bi baztandarrek Internet bidez txirrindularitza materiala saltzen duen Nabike enpresaren eta Iruritako SukalDeco enpresaren babesa dute, eta Baztango Udalaren eskudoa ere eramanen dute, hori baita probara gonbidatutako erakundea.

Aipatu bezala, uztailaren 6an, Sanfermin bezperan ailegatuko da Baztanera Isabatik eta kazetari eta agintariek Elizondoko Merkatu Plazan harrera eginen diete nazioarteko txirrindulariei. Biharamonean, toki beretik eginen da Elizondo eta Donostia arteko azkeneko etaparen irteera, goizeko 08:00etan.

 

820 kilometroko ibilbide gogorra

Zortzi egunez, Mediterraneoa eta Kantauri itsasoak elkartuko dituzte txirrindulariek, Katalunia, Aragoi eta Euskal Herrian barna. Ekainaren 30ean Roses eta Camprodom arteko etapa egin zuten txirrindulariek, 118 kilometrokoa. Uztailaren 1ean, Camprodom eta La Seu D’Urgell artean ibili ziren (115 km). Uztailaren 2an, izanen dute etaparik luze eta gogorrena, La Seu D’Urgell eta El Port de Suert artean ibiliko baitira (128 km.ko luzera, 3.500 metroko desnibel positiboa eta eta 3.375 metroko desnibel negatiboa. Uztailaren 3an El Port de Suert eta Ainsa arteko ibilbidea osatuko dute (100 km); uztailaren 4an Ainsa eta Jaca arteko 95 kilometro eginen dituzte; uztailaren 5ean Jaca eta Isaba arteko etapa eginen dute, Nafarroan sartuz, 84 km egin ondotik; uztailaren 6an Isaba eta Elizondo arteko ibilbidea eginen dute (94 km., 2.200 metroko desnibel positiboa eta 2.800 metroko desnibel negatiboa) eta uztailaren 7an, azkenik, Elizondo eta Donostia arteko 86 km. Eginen dituzte, 2.300 metroko desnibel positiboa eta 2.500 metroko desnibel negatiboarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun