Udal berria osatu zela urtebete pasatu denean, Udal Gobernua osatzen dutenek urte honetan egindakoaren balorazioa egin zuten ekainaren 21eko prentsaurrekoan. Udaletxean sartu zirenean kasik 9 milioi euroko zorra izatea «traba handia» izan dela gogoratu ondotik, «egoera zail honetan baztandarren beharrei eta zerbitzuei irtenbidea ematen» saiatu direla aipatu zuten.
Zor handia zela eta, «Udalak ez du prestamorik eskatzen ahal inbertsioak egiteko, baina Udalaren kudeaketaren ondorioz, aurten zorra 600.000 euro inguruan ttipitu da». Gisa berean Nafarroako Gobernuaren «egoera ezegonkorrak eta abian dituen etengabeko murrizketek, arazoa gehitu bertzerik ez» omen diote egiten lehendik ere egoera zailean zegoen Udalari.
Egoera honetan, oinarriak finkatzea izan da Gobernu Taldearen asmoa, «bai Udalaren kudeaketaren oinarriak aldatzeko, eta bai orain artio bulkatu izan den garapen eredu agortua aldatzeko ere». Kudeaketa hobetzeko lehen urratsa gastu arruntak berrantzolatzea eta horri esker baliabide ekonomikoak sortzea izan dela azaldu zuten, «udaleko zerbitzu sozialak indartu eta sustatu baititugu udal langile berriak kontratatuz». Aholkularitza juridikoa eta hirigintza aholkularitza ere aldatu dira eta euskararen normalizazioan urratsak emanez, «lehenbizikoz, instituzioek eta baztandarrek idazkari eta arkitekto euskaldunak dituzte».
Gai korapilatsuetan, Udala «momentu guztietan beharra zegoen tokian» egon dela erran zuten: Almandoz eta Oharrizko harrobien aferan edo Arraioz-Elbeteko saihesbidearen lanetan. Azken honetan, «hutsune anitz zuzendu badira ere, saihesbidea arrontean akitu gabe inauguratu da», iritzi zioten. Gaineratu zutenez, Udalak bere esku dagoen guztia eginen du «Gobernuak Elizondoko zubia egiteko hartu zuen konpromisoa betearazteko eta Lekarozko oinezkoen bidea ahal bezain agudo egiteko». Demokrazia partehartzailea bulkatu asmoz, batzorde irekiak eta Lurralde Okupazioaren Estrategia eta Eredua garatzeko prozesu parte hartzaileak ere oroitarazi zituzten.
Kirol instalazioen kudeaketarako Giltxaurdi SL enpresa publikoa sortu dutela aipatzearekin batera, Iruritako Sagues etxebizitzendako edo hiltegirako ere kudeaketa berria proposatuko dela jakinarazi zuten Udal Gobernu Taldeko kideek.