Mediterraneo eta Kantauri itsasoak lotzen dituen Transpyr 2012 mendiko txirrindularitza proba gogorra uztailaren 6an ailegatuko da Elizondora. Pirinioak gurutzatzen ditu BTT proba honek, Kataluniako Rosesen hasi eta Donostiara bitartean eta nazioarteko aldizkari entzutetsuenen arabera, munduko probarik gogorrenetakoa da. Hamabortz herrialdetako 220 abenturazalek parte hartuko dute aurtengo edizioan eta Baztango bi ordezkari izanen ditu: Juan Miguel Eraso eta Agustin Ariztia.
Uztailaren 6an ailegatuko da Baztanera eta kazetari eta agintariek Elizondoko Merkatu Plazan harrera eginen diete txirrindulariei. Biharamunean, toki beretik eginen da Elizondo eta Donostia arteko azkeneko etaparen irteera, 08:00etan.