E gunero etxean sortzen dugun zaborraren %40 organikoa da, sukalde soberakina, eta zabor edukiontzietara joaten da neurri haundi batean bederen. Bada, horri irtenbidea eman nahian eta zabor organikoa murrizteko, konpost makinak banatu dituzte eskualdeko hondakinen mankomunitateak eta Zaborren Udal Batzordeak. Eskaera egina zuten 168 baztandarrek joan den astean hartu zuten ontzia eta konposta modu egokian egiteko konpromisoa.
Ekainaren 18an Baztangoizakoek egin zuten hitzordua Arizkungo elkartean eta bildutako 30 lagunek konposta egitearen nondik norakoak aditu zituzten. Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko teknikariak, zaborren udal zinegotziak eta udal langile bat aritu ziren konpostagailuak banatzen eta azalpenak ematen. Ekainaren 21ean, berriz, Iruritako Gizartea Bilgunean egin zen hurrengo hitzordua eta ekainaren 23an Elizondoko Arizkunenean.
Udalak eskaerak egiten segitzeko deia egin die herritarrei, «ondoko urtean ere beharbada izanen delakoz ontzi gehiago ekartzeko aukera».